BILATU

lunes, 17 de enero de 2011

ESKUTITZAK


Aurtengo- 2011ko- urtarrilaren 19an Jesus Trincadoren ehun eta hirugarren urtebetetzea izango zen. Duela bost urte utzi gintuen betiko, bizitza erdia Montevideon eman ondoren. Hil aurretik, aukera izan nuen, beraren eta gazte-gaztetatik lagun handia zuen Marcos Vitoriaren arteko gutunak jasotzeko. Bi arrasatearrak 1934ko Iraultzan zuzenean inplikatuta egon ziren eta bi urte geroagoko gerrak bereiztu egin zituen, modu krudelean.

Lehen eskutitza 1939koa da eta hirurogei urtetan zehar elkarri idazten diote, denetariko gaiak jorratzen dituztela. Askoz ugariagoak dira Trincadoren aldeko gutunak. Ameslari handiagoa zen; Vitoria, berriz, praktikoagoa.

Eskutitz horiek oso ikuspegi zabala ematen dute, 1936ko gerrak sortutako giroaren inguruan. Arrasateko kontuak ez ezik, espainiar, europar eta mundu osoko eszenatokia aurkezten digute bi lagunek, modu bero eta hurbilean.

Eskutitz gehienak gazteleraz daude idatzita, nahiz eta aldian behin euskarak ere toki hartzen duen, arrasatear estiloan idatzita. Espazio honetan publikatuko ditudanak eskutitzen transkripzioak izango dira –eta ez bere osotasunean, baizik eta zatirik mamitsuenak. Hala ere, noizean behin eskutitzak eurak eskaneatuta azalduko ditut, testigantza zuzena eduki dezagun.

No hay comentarios: